XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

KOLABORAZIOAK

Juanma BALERDI / Euskal Fondoko zuzendaria

HAUTESKUNDE giroa El Salvadorren: udalak eta legebiltzarra berritu egingo dira.

Giro bero-beroa.

Baina, honetaz jada inor ezin izango da harritu lurralde haietan.

Noizean behin berpizten diren sumendiak bezala, bertako bizitza politikoak irakinik lehertzear diren momentuak bizitzera behartzen du biztanlegoa.

Baina, agian ez da hori jendea gehien kezkatzen duena: nahikoa dute eguneroko infernua pairatzearekin, hau da, eguneroko baldintza ekonomiko eta sozialei aurre egin beharrarekin.

Beraz, ez da harritzekoa ere, salvadortarretatik ia erdiak hauteskundeetan ez sinestea eta botoemaleen %40k oraindik zer aukera bozkatuko duen ez jakitea.

Botoa emango dutenek kolore desberdineko hainbat laukiren artean markatu ahal izango dute, baina beren bizimoduan eragina izan dezaketen aukerak bi besterik ez direla aurreikusten da.

Alde batetik, Arena eskuindarra, gaur egun Gobernua osatzen duena egun hauetan Espainiako Estatuaren ordezkari batzuek Gobernuak eta Erregeak txalotu duten Gobernua hain zuzen.

Ez diote fama bera ematen bere herriko inkestek: badirudi zergen igoerak, administrarien korrupzioak, sare mafiosoen hedatzeak eta dena bortizki pribatizatu nahi izanak Estatu Batuen eredura, eta, noski, laguntzarekin konfidantza eta sinesgarritasuna galarazi diotela.

Baina ez dira berehala kokiltzen diren horietarikoak, eta azken momentura arte saiatuko dira inkestarik fidagarrienari ere kontra egiten.

Horretan ari dira, bitarteko guztiak armak ere erabiliz eta gorrotoak bildutako aliatuen laguntzarekin Joaquin Villalobos eta bereak D'Aubuisson kriminala bera ere gehitu zaie bere hilobitik, gerra garaiko kontsignak eta metodoak gogora ekarriz, inork zalantzarik izan ez dezan datorren igandean.

Beste aldean, aurrez aurre FMLN alderdi ezkertiarra izango dute arerio.

Hauek iragan denbora baino gehiago etorkizuna dute arbuiatzen, Estatuak berak eta bere estrukturak aro berri bati ekin behar diote hauen ustez, 1992. urtean Chapultepec-en hitzartutako Bake Akordioen puntu garrantzitsuenetakoak ez dira bete edo Gobernuak eta Legislatiboak geldiarazi edo deformatu egin ditu eta horiek martxan jartzea da FMLNren abiapuntua.

Bere diskurtsoan bi dira gai nagusiak: deszentralizazioa eta demokratizazioa.

Honek estatuaren erreforma sakona eskatzen du: baliabideak eta erabakiguneak Gobernu Zentralaren eskuetatik udalen eta herritarren eskuetara pasatzea, hauen partehartzea ahalbidetuz eta udal autonomia indartuz: hitz gutxitan gaur egun goitik behera agintzen duen sistema presidentzialaren ordez benetako demokrazia partehartzailea ezarri nahi dute.

Bi mezu desberdin eta kontrajarri hauen aurrean, Euskal Fondokoak beldur gara.

Gure kontzientziak ere astintzen ditu bertako egoerak eta bertan egon nahi izan dugu, El Salvadorko herritarrei gure babesa emanez.

Urtean zehar gure zeregin nagusia herrialde honetako hainbat puntutan garapen prozesuak bultzatzea izaten da, euskal herritarrok gure udalen bidez lankidetzara bideratzen dugun laguntza kudeatuz.

Baina hori guztia alferrikakoa litzateke gure elkartasuna gauzatzerik ez balego, eta are gehiago, salvadortarrek libreki beren etorkizuna aukeratzerik ez balute.

Horixe da hauteskunde prozesu honetan murgilduta dagoen nazioarteko begiraleen, gure ordezkaritzaren zeregina; bertako herritarren eskubideak bermatzen direla ikustea eta kontatzea, eta bide batez, gure babesa eta beroa eskaintzea.